Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

1. ATALA

«Ardi galduaren bila joango naiz»

«Ardi galduaren bila joango naiz»

Ardia noraezean dabil. Konturatu gabe, larrean belarra jaten ari zen bitartean, beste ardietatik aldendu da. Orain ezin du ez artaldea, ezta artzaina ere ikusi. Iluntzen ari da. Harrapariak dabiltzan bailaran, ardia babesgabe dago. Azkenik, ahots ezagun bat entzuten du: bere artzainarena. Artzaina korrika gerturatzen zaio, besoetan jaso, bere arropen artean bildu eta etxera bueltan ekartzen du.

JEHOBAK bere burua askotan parekatzen du honelako artzainarekin. Bere Hitzean «ardi galduaren bila joango» dela eta hartaz «arduratuko» dela ziurtatzen digu (Ezekiel 34:11, 12, 16).

«Nire zainpeko ardi zarete»

Nortzuk dira Jehobaren ardiak? Hitz gutxitan, Jehobaren ardiak bera adoratzen eta maitatzen dutenak dira. Bibliak honakoa dio: «Zatozte, gurtu dezagun ahuspezturik, belaunika gaitezen egin gaituen Jaunaren aurrean! Bera da gure Jainkoa, eta gu hark larraturiko herria, haren gidaritzapeko artaldea» (95. Salmoa 6, 7). Ardiek artzainari segitzen dioten bezala, Jehobaren adoratzaileak irrikan daude beraien Artzainari segitzeko. Akatsgabeak al dira hauek? Ez. Jainkoaren zerbitzariak, zenbaitetan, sakabanaturik eta «galdurik» ibili dira (Ezekiel 34:12; Mateo 15:24; 1 Pedro 2:25). Hala ere, pertsona bat artaldetik aldentzen denean, Jehobak ez du baztertzen, beti espero du itzultzea.

Jehoba oraindik zure Artzaina dela sentitzen al duzu zure barruan? Nola erakusten du Jehobak Artzaina dela? Azter ditzagun hiru era:

Elikatzen gaitu. «Larre oparotan bazkatuko ditut» dio Jehobak. «Han hartuko dute atseden eskorta ederretan, eta larre oparotan bazkatuko dira» (Ezekiel 34:14). Jehobak ez digu inoiz huts egin: indartzen gaituen janari desberdina behar dugunean ematen digu. Esaterako, laguntza eske otoitz egin zenuenean, gogoratzen al duzu zein artikulu, hitzaldi edo bideok erantzun zizun otoitz hori? Honek ez al zizun ziurtatu Jehoba zutaz arduratzen dela?

Babesten eta eusten gaitu. Jehobak hauxe promesten du: «Desbideraturik dabilena artalderatuko, hautsia duenari hanka lotuko, gaixoa indartu egingo dut» (Ezekiel 34:16). Jehobak gaixorik edo kezkengatik itota daudenak indartzen ditu. Zaurituta dauden ardiei, agian euren fedekideek mindu dituztelako, sendatzen laguntzen die. Honekin batera, desbideratuta eta sentimendu negatiboen aurka borrokan dabiltzan ardiak artaldera berriz ekartzen ditu.

Gutaz arduratzen da. «Sakabanaturiko leku guztietatik aterako ditut» dio Jehobak. «Ardi galduaren bila joango naiz» (Ezekiel 34:12, 16). Jehobarentzat ardi galdua ez da itxaropenik gabeko kasua. Ardi bat galduta dagoela konturatzean, orduan, bere bila joaten da eta aurkitzen duenean, asko pozten da (Mateo 18:12-14). Azken finean, benetako adoratzaileei «nire artalde, nire zainpeko ardi» deitzen die (Ezekiel 34:31). Zu zara ardi hauetako bat.

Jehobarentzat ardi galdua ez da itxaropenik gabeko kasua. Asko pozten da ardi hori aurkitzen duenean

«Berritu gure bizitza lehengo erara»

Zergatik ari ote da Jehoba zure bila? Eta zergatik gonbidatzen ote zaitu beregana itzultzera? Zu zoriontsu izatea nahi duelako. Bere ardiak bedeinkatuko dituela hitzeman du (Ezekiel 34:26). Horiek ez dira hitz hutsak. Izan ere, zuk zeuk dagoeneko ikusi dituzu honen frogak.

Oroitu itzazu Jehoba ezagutzen hasi zinen garaiko bizipenak. Adibidez, nola sentitu zinen lehen aldiz Jainkoaren izena eta gizakiontzat duen asmoari buruz ikasi zenuenean? Gogoan al duzu zein pozgarria zen anai-arrebekin biltzarretan egotea? Eta benetako interesa zuen norbaiti berri onak erakusteko aukera zenuenean, ez al zinen etxera pozez gainezka itzultzen?

Berriz ere poztasun berbera bizi dezakezu. Antzinako Jehobaren zerbitzariek otoitz hau egin zuten: «Itzularaz gaitzazu zeuregana, Jauna, eta itzuliko gara. Berritu gure bizitza lehengo erara» (Negar Kantak 5:21). Jehobak otoitz hori erantzun zuen eta, honela, bere jarraitzaileak berriz ere hasi ziren bera zerbitzatzen, berritutako zoriontasunarekin (Nehemias 8:17). Jehobak zure alde ere berdina egingo du.

Hala ere, errazagoa da esatea egitea baino. Jehobarengana itzultzeko bidean erronka batzuk daude. Azter itzazu zeintzuk diren eta nola gainditu ditzakezun.